Edukira joan

Sasizientzia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Frenologiari buruzko XIX.mendeko ohiko ilustrazio bat: 1820ko hamarkadanfrenologiek esaten zuten pertsona baten izaera eta nortasuna zehaztu zezaketela bere burezurraren formaren arabera. Sasizientzia moduan izendatutako lehen diziplina izan zen.
Astrologia mendeetan benetako zientzia gisa onartua izan da.
Homeopatiaren botika, Rhus toxicodendron.

Sasizientzia edo pseudozientzia (“zientzia faltsua” edo “gezurrezko zientzia”) ebidentzia-zientifikorik ez duen, edo metodo zientifiko onargarririk ez duen baieztapen, iritzi edo praktika da, fidagarritzat hartu ezin dena eta estatus zientifikorik gabekoa[1]. Baieztapen hutsalak, kontrajarriak, gehiegizkoak edo faltsutu ezin daitezkeenak izan ohi dira. Gainera, proba zehatzak bilatu baino baieztapenen bila aritzen dira eta orokorrean jarraibide sistematikoen falta ematen da teoria arrazionalak garatzeko.

Sasizientzia terminoa askotan gutxiesgarritzat hartzen da, hitzak berak aditzera ematen duena delako zerbait faltsuki zientzia moduan aurkezten dela, benetan hala ez denean (sasi-zientzia). Horregatik, sasizientzia moduan identifikatzen ditugun praktikak garatzen dituzten pertsonei ez zaie termino honen erabilera gustatzen.[2]

Zientzia eta sasizientziaren arteko bereizketak arazoak ekartzen ditu politika eta filosofia arloetan, baita arazo zientifikoak ere.[3] Ondorio praktikoak ere suposatzen ditu asistentzia medikoaren kasuan, azterlan judizialean, ingurumen politikan eta zientzien hezkuntzan.[2] Heziketa eta alfabetizatze zientifikoaren zati bat da gertakizun eta teoria zientifikoak sineste pseudozientifikoetatik bereizten ikastea; astrologian, alkimian, medikuntza alternatiboan, okultismoan edo kreazioaren zientzian egon daitezkeenak, adibidez.[4]

Gune, praktika, gorputz edo jakintza bat sasizientifikoa dela esan dezakegu ikerketa zientifikoa aurrera eramateko jarraibideak teorikoki betetzen dituela esan, baina praktikan betetzen ez dituenean. Errebelazio, teologia eta espiritualitateagatik bereizten da errealitatearen ulerkera jakintzaren ikerketa eta esperimentazio enpirikoen bidez ematen baitu. Kontuz ibili behar da zientziaren eta sasizientziaren arteko desberdintasunak ez baitira edonorentzat argiak: sinesmen sasizientifiko batzuk oso errotuak daude, baita kazetari eta zientzia irakasle batzuen artean ere.

Ikuspegi orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasizientzia kontzeptua negatiboki ulertzen da orokorrean, zientziatzat aurkezten duelako hau ez den zerbait, batzuetan baita nahita ere; eta ondorioz sasizientzia moduan izendatutako jarraitzaileek ez dute euren burua bertan kokatzen eta jarritako etiketa baztertzen dute. Baina bestetik, badaude komunitate zientifikoko kideak zantzu negatiboa alboratzen dutenak eta teoria, tesi zein ikerketa berrietarako balio dutela esaten dutenak.

Sasizientzia terminoa[5], erdarazko pseudociencia edo seudociencia, neologismo bat da, grekerazko pseudo, «faltsua» eta latineko ciencia, «jakintza» hitzak batuaz. Nahiz eta terminoa bere horretan XVIII. mende amaieratik erabiltzen hasi zen, XIX. mende erdialdetik aurrera uste zen bazegoela zientzia errealetik bereizi beharreko termino moduan. Sasizientzia hitzaren lehenengotariko erabilera bat 1844ko Northern Journal of Medicine-tik dator, eta 1843an, François Magendie fisiologo frantsesaren obretann ere agertzen da.

Nahiz eta jakintza, metodologia edo praktika bat zientifikoa den esateko printzipioak alda daitezkeen eremuaren arabera, hainbat zehaztu daitezke komunitate zientifikoa ados egon daitekeena orokorrean.[6] Hau da oinarrizko nozioa: Emaitza esperimental guztiak erreproduzitzeko gai eta beste ikerlari batzuek frogatzeko gai izan behar dira. Egoera berdinean dauden esperimentuak eginez jakingo da fenomenoaren hipotesia edo  teoria egokia eta fidagarria den. Metodo zientifikoa aplikatuko zaio esperimentuari eta bildutako datu guztiak dokumentatuak zein erabiltzeko moduan egon beharko dute ondoren egingo zaizkien errebisioetarako.

Orokorrean, metodologia zientifikoak froga enpiriko zehatz eta gogorrak egitea behartzen ditu teoriak; eta, aldiz, sasizientzian ezingo dira bazterketa sistemak aplikatu edo aldekoak teoria babestuko dute baztertu ahal izateko frogak egin gabe.

Karl Popperrek XX. mendearen erdialdean faltsagarritasunaren kontzeptua sortu zuen zientzia eta ez-zientzia bereizteko.[7] Emaitza bat “faltsagarria” da okerra dela frogatzean, hau da, faltsua dela demostratzen duen esperimentu teoriko bat eraiki daitekeenean. Horrela, faltsagarriak diren baieztapenak zientziatzat har daitezke, eta, aldiz, faltsagarriak ez direnak ez-zientzia. Popperrek astrologia eta psikoanalisia erabili zituen sasizientziaren adibide moduan, eta Einsteinen erlatibitatearen teoria zientziaren adibidetzat. Larry Laudan zientziaren filosofoak sasizientziaren kontzeptuak esanahi zientifikoa duela eta hautemate subjektibo baten deskribapena esateko erabiltzen dela esan zuen.[8] Modu berean, kritiko batzuek katerik egiten ez duten denbora pasa moduan hartzen dute sasizientzia, baina Richard Feynman,[9] Richard Dawkins,[10] Carl Sagan,[11]Michael Shermer[12] y Mario Bunge[13] etab. bezalako beste batzuek, aldiz, uste dute sasizientziaren edozein adar kaltegarria dela, kalteak momentuan eragin edo ez.

Sasizientzien ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia erreal eta sasi-zientziak bereizten dituzten autoreek hainbat ezaugarri zehazten dituzte, eta nahiz eta ez duten zertan denek atera behar, bereizketa egiten laguntzen dute:[14][15][16][17][18][19]

  • Ez dute barne eta kanpo oinarririk. Hau da, kontraesan logikoak pairatzen dituzte eta ez dira beste zientziekin integratzen. Ez dira beste diziplinen gorputz teorikoekin koherenteak, eta gainontzeko azalpenak baztertzen dituzte fenomenoa azaltzeko alternatiba hobeak eman gabe ezta hau egiteko beharra onartu gabe ere.
  • Ez dituzten zientzian erabiltzen diren metodoak aplikatzen. Zientziatzat onartua izateko behatzailearen usteetatik at independenteki izan behar du onargarria. Baina, Norwood Russell Hansonek 1958an idatzitako Patterns of discovery liburuan, eta  Ludwig Wittgensteinen Ikerketa filosofikoak (Philosophische Untersuchungen). 1953 idazlanean oinarrituta, zehazten du edozein behaketa beti egongo dela behatzailearen ikuskeran oinarrituta.[20]
  • Dogmatikoak dira. Ezeztatuak ez izateko daude prestatuak oinarriak. Zientzietan, aldiz, oinarri hauek errefusatuak izan daitezke hipotesi edo teoria zehatzetan oinarrituta baitaude.
  • Aldaezinak dira. Oinarri esperimentalik ez izatean, ez dira aldatzen ezta aurkikuntza berriekin. Autoritate teoriko gorena dago, diziplinaren fundatzaileei esleitua, eta bertako ikasketak idatzi sakratu moduan hartzen dira.
  • Ez dute Ockhamen labanaren legea (edo parsimonia printzipioa) betetzen: metodo heuristiko honetan baldintza berdinetan azalpen errazena duena izango da aukera gehien duena egokia edo zehatza izateko. Eta betetzen denean arrazionalak ez diren azalpenetan oinarritzen dira, adibidez kreazionismoa deituriko munduaren sorreraren azalpenak dena azaltzen du oinarri batetik: Jainkoa.
  • Ez ditu lege unibertsalak bilatzen.
  • Zientziak egindako kritikak ez dituzte onartzen, ad hominem moduko falaziak erabilita askotan, konspirazioak direla argudiatuz, edo jazarpen bat jasaten ari direla esaten dutelarik beren planteamenduak ezeztatzen dituztenean.
  • Izate immaterial edo naturaz gaindikoak erabiltzen dituzte (indar bitala, sorkuntza jainkotiarra, inkontziente metafisikoa, energia kosmikoa, etab.) eta, aldi berean, zein kontraesanean, ikusgarriak diren fenomenoek esku hartzen dutela esaten dute.
  • Ez dituzte beren teoriek izan ditzaketen (edo dituzten) arazoak konpontzeko teoria berriak garatzen eta ez dute autokritikarako gaitasunik izaten.
  • Beren izaera zientifikoa onartzea eskatzen dute, baina soilik ikusle orokorraren aurrean. Horrela, baztertu egiten dute beren azalpenak komunitate zientifikoak justifikatzeko edo frogatzeko aukera. Estatus zientifikoa eskatzeak bereizten ditu erlijioa edo metafisika bezalako beste eremu batzuetatik.
  • Itxuraz zientifikoa den baina modu okerrean edo engainagarrian erabiltzen den terminologia erabiltzen dute.
  • Ezohiko baieztapenak edo baieztapen harrigarriak, baina neurri bereko aparteko frogarik gabe egiten dituzte.
  • Pasadizoak, gertakizunak, esperientzia jakin batzuk... aipatu ohi dituzte aurkeztutako "frogen" funtsezko zati gisa, askotan, fidagarritasuna emateko, ospetsuak diren pertsonak aipatuz.
  • Baieztapen frogaezinak egiten dituzte, autoritate-printzipioetan edo antzeko falazietan oinarrituak.
  • Ezarritako egitate zientifiko adostuekin kontraesanean dauden baieztapen harrigarriak egiten dituzte. Gainerako ikerketarekin loturarik gabe, edo gainerako ikerketak mespretxatzen.
  • Ez da onartzen parekoen berrikuspen egokirik. Komunitate zientifikoan ustelkeria, aurreiritziak, bekaizkeria handia dagoela iradoki, eta horrelako komunitate zientifiko usteletik kanpo egoteko beharra aldarrikatzen dute.
  • Auto-zuzenketarik eza: sasi-zientziek bere horretan diraute, ezeztatuak izan arren. Egindako iragarpenek huts egin arren.
  • Zientzialari akademikoei egozten zaie, euren jakintza arloaz ere oso gutxi dakitela eta "sasi-zientzialariek" aldarrikatzen duten "jakintza" ulertzeko gai ez direla. Edo aurreiritziengatik edo bekaizkeriagatik ez dutela ikasi nahi.
  • Sasizientzian ohikoak izaten dira honelako argudioak: "hori iniziatuok bakarrik ikertu dugu, zientzialari "ofizialek" ez, beraz guk bakarrik jakin ahal izan dugu"; "denborak arrazoi emango digu"; "Einsteini ere, hasieran, ez zioten sinetsi nahi izan"; "geroago, askotan, ikusi egin da gehiengoa oker zebilela"; "zientzialari harroputz horien ustea, ikuspuntu bat besterik ez da, ikuspuntu oro da zilegi baina"; "zientzialariek sekta bat osatzen dute, eta euren diziplinara lerratzen ez bazara, oldarkor baztertu egiten zaituzte"...

Azalpen psikologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsamendu sasizientifikoa psikologia y psikologia sozialaren terminoetan azaldu da. Gizakiaren joera bat da bazterkeria bilatu ordez baieztapena bilatzea, uste erosoetan geratzea eta orokortzea. Aipatutako hori hauek sasizientziaren ezaugarri moduan ere azaltzen zaizkigu. Beyerstein (1991) dioenaren arabera, gizakiak itxuraren araberako asoziazioak egiteko joera daukagu, eta askotan kausa-efektuaren pentsamenduan akatsak egiten ditugu.[21]

Filosofian falaziatzat jo daitezkeen hainbat argumentazio mota ontzat hartzen dira sasi-zientzietan. Gainera, psikologiak hainbat isuri kognitiboren ezagutza gehi ditzake azalpenetara. Gizakiok joera daukagu zenbait iturritatik jasotako informazioa sinesteko, sinesmen antzekoak dutenen taldeetan elkartzeko, norberaren sinesmenekin bat datozen informazio iturrietatik edateko, eta kontrako datuak eskaintzen dituzten informazioak baztertzeko (baieztatze alderako isuria), etab.

Terminoari kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paul Feyerabend filosofoak zioen zientziaren eta sasizientziaren arteko bereizketa ez dela ez posiblea ez nahigarria.[22][23][24] Richard McNally, Harvardeko unibertsitateko Psikologiako katedradunak, zioen sasizientzia  terminoa modazko hitz bat bihurtu dela etsaiei aurre egiteko modu bezala eta besteen baieztapenak edo tratamenduak zalantzan jarri eta sasizientifikoak direla esan ordez, galdera batzuk egin behar genituzkeela: nola dakigu tratamenduak funtzionatzen duen? Zein dira bere frogak?[25]

Medikuntza sasizientifikoaren arriskuak osasunean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metodo sendatzaileen merkatu handi bat dago eta askotan mekanismo sendatzaile hauek ikerketa batzuek balioztatzen dituzte; askotan metodo magiko tradizionalak deiturik. “Sasi-medikuntza” hauetako asko zabaldu egin dira egun interneten ondorioz eta kasu berezienetako bat (zabalpenagatik) homeopatia da: honen inkongruentzia bere sortzailea, Samuel Hahnemann, bizirik zegoela eman zen.[26]

Izaera sasizientifikoko hainbat tratamendu alternatiboak istripu larriak eragin ditzake, eta baita heriotza kasuren batzuetan ere. Baina, hala ere, onartzen da orokorrean osasunerako izan dezaketen arrisku handiena, eraginkorra ez den metodo batean konfiatuta, eraginkorragoak izan daitezkeen beste neurri batzuk ez hartzea da; hala nola, ohitura osasuntsuak edo frogatutako eraginkortasuna duen mediku baten tratamendua.

"Fecomagnetismo" izeneko "terapia alternatiboa" sortu zuten[27], behin, sasimedikuntzaren, sasizientziaren, trikimailuak erabiliz.

Sasizientzietan ohikoak diren trikimailuak erabili ziren: azalpen sasizientifiko korapilatsuak, terapiaren aurkitzaileen edo sortzaileen curriculum vitae landuak, zuzeneko testimonio harrigarriak, taulak datu zehatzekin, argazkiak, argitalpen itxurosoen aipuak[28], auto-aipuak...

Hasieratik argi zegoen dena muntaia hutsa zela. Baina kontuak arrakasta izan omen zuen. Sinetsi nahi zuten batzuek edo sinesteko beharra zuten batzuek liburuen aurkezpenak edo liburuen aitzinsolasak egiteko eskatu zieten, hitzaldiak emateko deitu zieten, etab. Pertsona horietako batek ere ez zuen zalantzan jarri fecomagnetoterapiaren eraginkortasuna; inork ez zien eskatu frogak erakusteko.

Taula: sasizientzia kontsideratutako alorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alkimia Gaur egun kimika, metalurgia, astrologia eta fisikaz ezagutzen ditugun zientziak biltzen zituen praktika zen, nahiz eta orain ez den maiz erabiltzen. XIX. mendetik aurrera jarraitzaileak izateari utzi zion, astrologiaren kontrara.
Alkimistaren laborategia.
Astrologia[29] Planeta, izar eta sateliteen posizio erlatiboaren eta pertsonen nortasun eta etorkizunaren arteko erlazioa bilatzen duen zientzia da. Nahiz eta antzinarotik tradizio luzea izan duen sinesmen sistema baten moduan, bere oinarriak zientzia moduan Errenazimentuan ezarri ziren.
Bach loreak[30] Lore jakin batzuk eguzkitan eseki eta gero ahalmen sendatzaileak dituztela uste duen zientzia da, baina ez da frogatu balio terapeutikorik duenik, plazebo efektutik haratago. Sendabidearen prestakuntzan, hainbat lore uretan eta eguzkitan uzten dira, uretan geratzen dena ondoren iragaziaz. Hau, ordea, ez dago frogatua inongo mekanismo fisiko-kimiko zehatzik eragiten duenik.
Feng shui Chia bezalako energietan sinesten duen zientzia da. Zalantzakorra da, ez bakarrik energia bat ezin delako jakin negatiboa edo positiboa den, baizik eta ezin delako frogatu gizakiongan eragina izan dezakeenik. Ondorioz, ezin da esan balore terapeutikorik duenik.
Fisiognomia Antzinaroan asmakuntza arte bat bezala garatu zen, aurpegiko ezaugarrien bidez patua asmatzen zuena. Lavater, XVIII. mendea amaieran horrela deitu zion pertsona baten izaera ezagutzeko bere aurpegiko ezaugarriei eta kopetaren formari begiratzen zion zientziari. Azken hau XX. mendeko lehen erdialdean berreskuratu zuen arrazismo sasizientifikoak juduen eta esklaboen aurka aritzeko.
Frenologia[31] Pertsona baten izaera eta nortasuna burezurraren formak zehaztu dezakeela baieztatzen duen teoria izan zen. Uste zen jarrera desberdinak izateak garunaren leku desberdinek kontrolatzen zutela. Ez da craniometría edo fisonomíarekin nahastu behar, azken hauek burezurreko hezurrak eta aurpegiko ezaugarriak aztertzen baitituzte nortasunaren inguruko informaziorik bilatu gabe.
Frenologiaren diagrama.
Grafologia[32] Idazkera eta pertsonaren nortasunaren erlazioan sinisten duen zientzia da. Ez da kaligrafia forensearekin nahastu behar, hau justizian teknika osagarri bezala erabiltzen baita idatzi bat pertsona zehatz batena den zehazteko.
William Shakespeareren sinadura.
Holokaustoaren negazionismoa Holokaustoaren negazionismoa sasizientzia bezala hartzen da (historiako arloan) ez errebisionista delako, metodo zientifikoaren printzipio guztiak ezeztatzen dituelako baizik; ez dira jada badauden proba eta lekukoetan oinarritzen. Negazionista hauek beraien gustuko teoriak elaboratzen dituzte eta historia berridazten dute, falazietan oinarrituz. Honen ondorioz, historiatzaileek idazki hauek guztiak txarto daudela eta fidagarriak ez direla diote.
Buchenwald hilerria.
Homeopatia Alkimiatik datorren praktika dela uste da. Zientifikoek, homeopatiaren aurka egiteko, plazebo efektuarekin erlazionatzen dute. Teoria honek onartzen du urak modu batean edo bestean noizbait berarekin kontaktuan egon diren propietate kimikoak “gogoratu” egiten dituela, baina ez dago ikerketa enpirikorik uraren memoriaren hipotesia baieztatzen duenik.
Homeopatia bolatxoak (Oscillococcinum)
Kreazionismoa Eboluzioaren teoria ukatu eta hipotesi ezberdinak dituen zientzia da. Katolikoek, adibidez, Jainkoak bizitza sortu zuela uste dute. Egun indarrean (eta kreazionismoaren aurka) dagoen izaki bizidunen jatorriaren inguruko teoria eboluzioarena da.
Kiropraktika[33] Kiropraktika David D. Palmer magnetoterapeutak sortu zuen Iowan XIX. mendearen amaieran. Honen arabera, gaixotasunak ornoen subfluxazioek eragindako berezko inteligentziaren fluxu oker baten ondorioa dira. Garbi dago medikuntzak ez datorrela bat honekin. Gaixotasun hauek tratatzeko, presio edo giro gogorrak aplikatzen dira bizkarrezurraren puntu desberdinetan.

Badaude argitalpen zientifikoak, tratamendu hauek arterietan eragin duten presioaren ondorioz eman diren bihotzekoak erakusten dituztenak. Hala ere esan behar da, masaje moduan, bizkarreko minak arintzen dituztela epe laburrean.

Kriptozoologia[34] Kriptozoologia zoologia modernoarentzat ezezagunak diren animalia hipotetikoen azterketa da, orokorrean lekukoei elkarrizketak eginez edo edozein arrasto fisiko (aztarnak, gorozkiak, tximak, etab.) bilatuaz.
Magnetoterapia Imanen bidez gaixotasunak sendatzen dituen zientzia da. IHESaren kasuan, adibidez, uste zen barne patogenoek erregularizazioa galtzen zutela. Hala ere, ez dago ebidentziarik eta sortzailea iruzurra esan izanaz izan zen akusatua. Uste da minak gutxitu edo kendu ditzakeela, nahiz eta pertsonaren arabera emaitzak alda daitezkeen.
Numerologia[35] Mundua matematikoki soilik deszifratu daitekeela esaten du zientzia honek, Pitagorasek gaiaren inguruko lehen zertzelada batzuk eman zituelarik. Pitagorikoek defendatzen zuten Lurra, Eguzkia eta gainontzeko planeta ezagunek 1 zenbakiaren indarraren inguruan ematen zutela bira.
Piramidologia[36] Oinarri laukidun piramide forma duten objektuek hainbat fenomeno sor ditzaketenaren ustea. Adibidez: elikagaiak normala baino denbora gehiagoz fresko mantentzea.
Poligrafia[37] Poligrafoa hainbat ikerketa zientifikok kolokan jarri duten teknika da. Izan ere, ez omen da esistitzen gezurra esatearen eta patroi fisiologiko espezifiko baten arteko erlaziorik eta ez da efektu plazeboagandik bereizi. Hala ere, bere erabilera nahiko zabaldua dago polizien alorrean.
Programazio neurolinguistikoa[38] Jarrerak eraldatzea posiblea dela dio, eta baita pairamen mentalak sendatzea eta bizitzan lortu nahi diren metak lortzea. Nola? hitz egiteko zein espresatzeko moduak aldatuta. Baina, ez dago honen inguruko ebidentzia zientifiko ziurrik, ezta ikerketa psikologiko edo biologikorik hau konfirmatzen duenik.
Psikoanalisia Karl Popperrek XX. mendearen erdialdean faltsagarritasunaren kontzeptua sortu zuen zientzia eta ez-zientzia bereizteko. Popperrek astrologia eta psikoanalisia erabili zituen sasizientziaren adibide moduan, eta Einsteinen erlatibitatearen teoria zientziaren adibidetzat. Nahiz eta Popperrek psikoanalisia sasizientzia bezala izendatu, honek ez du esan nahi ez denik ez arrazionala ez baliotsua.

Mario Bunge epistemologoak ere psikoanalisia erabiltzen du zientziaren mugaketaren adibide gisa. Sasizientzia bat dela dio ez duelako kanpo oinarririk: diziplina zientifiko desberdinek euren arteko hartu-emanak dituzte alor teoriko zein enpirikoetan.

Zientziaren filosofo zein ikertzaile batzuen ustez psikoanalisia iker daiteke zientifikoki, baina beste batzuen arabera, aldiz, ez. Aniztasun handia eta korronte asko daude gai honekiko, eta euren burua zientifikotzat dutenei direla esan beharko genieke sasizientzia egiten dutela.

Sinergetika Teoria hau Hermann Haken matematiko eta fisikoagatik izan zen ezarria. Bertako jarraitzaileek sendatze bioniko bat da, eta ez tratamendu mediku bat; eta horrela mendebaldeko medikuntzarekin izan ditzaketen liskarrak baztertzen dituzte.
Ufologia Objektu hegalari ezezagunen (OHE) ikerketa da; eta bertan uste da estralurtarren existentziaren froga direla. Gai honen dabiltzan ikerlariei aurpegiratu izan zaie naturaz gaindik argudioak, fikziozkoak zein erlijiosoak erabili izana, eta baita helburu komertzial (eta ez zientifiko) batzuengatik egin izana euren ikerketak.
Zerealogia[39] Soro-zirkuluak, gazteleraz pictogramas edo ingelesez crop circles ere deituak, laborantza lurretan agertzen diren marrazkiak dira, eta estralurtarrek sortu omen dituzte, nahiz eta ez dagoen ebidentzia enpirikorik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) ¿Qué son las seudociencias?. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  2. a b Hansson, Sven Ove. (2017). Zalta, Edward N. ed. «Science and Pseudo-Science» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  3. (Ingelesez) «Philosophy, Logic and Scientific Method» Philosophy, Logic and Scientific Method (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  4. (Ingelesez) Hurd, Paul DeHart. (1998). «Scientific literacy: New minds for a changing world» Science Education 82 (3): 407–416.  doi:10.1002/(SICI)1098-237X(199806)82:33.0.CO;2-G. ISSN 1098-237X. (Noiz kontsultatua: 2019-01-05).
  5. (Gaztelaniaz) Real Academia Española. 2018-03-15 (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  6. (Ingelesez) Gauch, Hugh G.. (2003). Scientific Method in Practice. Cambridge University Press ISBN 9780521017084. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  7. (Gaztelaniaz) Popper, Karl Raimund. (2008). La lógica de la investigación científica. Tecnos ISBN 9788430946075. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  8. (Ingelesez) Pennock, Robert T.; Ruse, Michael. (2009). But is it Science?: The Philosophical Question in the Creation/evolution Controversy. Prometheus Books ISBN 9781591025825. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  9. Cargo Cult Science. 2007-04-25 (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  10. 1941-, Dawkins, Richard,. (2006). Unweaving the rainbow : science, delusion and the appetite for wonder. Penguin ISBN 0141937033. PMC 708653356..
  11. «Astronomía Digital» astro-digital.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  12. (Ingelesez) Shermer, Michael. The pattern behind self-deception. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  13. «ARP Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico» ARP Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  14. (Gaztelaniaz) «Hauntings, homeopathy, and the Hopkinsville Goblins: using pseudoscience to teach scientific thinking > "Por la cultura científica: 7 señales de que una afirmación es casi con toda seguridad pseudocientífica"» Microsiervos (Noiz kontsultatua: 2021-03-17).
  15. (Gaztelaniaz) Fuentes de libros. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  16. (Gaztelaniaz) Fuentes de libros. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  17. The Chronicle: 1/31/2003: The Seven Warning Signs of Bogus Science. 2009-07-10 (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  18. (Gaztelaniaz) Fuentes de libros. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  19. (Ingelesez) «November 2001» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  20. Russell., Hanson, Norwood. (1965). Patterns of discovery : an inquiry into the conceptual foundations of science. (1st pbk. ed. argitaraldia) University Press ISBN 9780521092616. PMC 24597506..
  21. Arqueología, Equipo NAyA - Noticias de Antropología y. «Pensamiento Magico y Eficacia Terapeutica» www.equiponaya.com.ar (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  22. (Gaztelaniaz) Paul Feyerabend. 2017-11-24 (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  23. Feyerabend, Paul. «Paul Feyerabend's Against Method» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  24. (Ingelesez) Gauch, Hugh G.. (2003). Scientific Method in Practice. Cambridge University Press ISBN 9780521017084. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  25. «The Demise of Pseudoscience» www.srmhp.org (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  26. (Ingelesez) Milgrom, Lionel R.. (2006). «Towards a New Model of the Homeopathic Process Based on Quantum Field Theory» Complementary Medicine Research 13 (3): 174–183.  doi:10.1159/000093662. ISSN 2504-2092. (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).
  27. (Gaztelaniaz) «Fecomagnetoterapia : la asombrosa facilidad con la que se fabrica una terapia alternativa basada en caca e imanes» Microsiervos (Noiz kontsultatua: 2021-03-17).
  28. Fecomagnetismo: Bibliografia.
  29. (PDF) Astrology and Science: Two Worldviews searching for a Synthesis. .
  30. «Bach flower therapy - The Skeptic's Dictionary - Skepdic.com» skepdic.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
  31. «phrenology - The Skeptic's Dictionary - Skepdic.com» skepdic.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  32. «graphology - The Skeptic's Dictionary - Skepdic.com» skepdic.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  33. «Craniocervical arterial dissections as sequelae of chiropractic manipulation: patterns of injury and management. - PubMed - NCBI» web.archive.org 2015-07-28 (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
  34. (Gaztelaniaz) «“Criptozoología”» Esencia 21 · Blog 2008-11-24 (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  35. Allen., Paulos, John. (1998). El hombre anúmerico : el analfabetismo matemático y sus consecuencias. (4a. ed. argitaraldia) Tusquets ISBN 8472231496. PMC 43732863. (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  36. Max., Toth,. (1977). El poder mágico de las pirámides. Ediciones Martínez Roca ISBN 8427003994. PMC 25999504. (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
  37. Stromberg, Joseph. (2014-08-14). «Lie detectors: Why they don't work, and why police use them anyway» Vox (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).
  38. (Ingelesez) «Neurolinguistic Programming» scientliteracy 2011-05-01 (Noiz kontsultatua: 2019-01-20).
  39. «Crop Circles and Their 'Orbs' of Light (Skeptical Inquirer September 2002)» web.archive.org 2006-12-06 (Noiz kontsultatua: 2019-01-17).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sasizientzia Aldatu lotura Wikidatan